Bienvenido a Ternua

Harpidetu zaitez eta hartu parte lehiaketetan, promozioetan...

News and press

News & press

Altitoy Ternua 2017

Iritsi da Altitoy-Ternua lasterketaren hamargarren edizioa. Datorren otsailaren 25-26 bitartean Andonik Donostiatik bere garaian izan zuen ametsaren beste edizio bat ospatuko dugu, egia bilakatzea lortu baitzuen, mugaz bi aldeetako skimo zale amorratu talde baten laguntzarekin, Euskal Herriko Camping Elkartetik Luzeko Altitoyraino.

Altitoy heldu bilakatu da denborarekin. Hala, gaur egun, urteko erreferentzia da Pirinioetan mendiko eski osoarentzat. Horren adibide da dortsalak lehen 24 ordutan agortu egin zirela. Herrikoitasuna eta eskiatzaile bakoitzarenganako maitasuna ezaugarri izan dituen proba bat izan da betidanik. Baina sekula ez dira hemen eskiatzaile handiak falta izan, esate baterako, hainbatetan munduko txapeldun izandako Kilian Jornet eta Laetitia Roux, Altitoy16 irabazi zutenak Matheo Jacquemoud eta Axelle Mollaret adiskideekin, hurrenez hurren.

Probako ibilbideak egiaz merezi du elite nahiz herrikoiek partekatzen duten pasio hori. Lehenengoek A ibilbidera egin dezakete jauzi, teknikoagoa eta baldintza gogorragoak dituena distantzia eta desnibela aintzat hartuz. Bigarrenak gusturago dauden B ibilbidean, arinagoa izan arren, bi osagai horiek ere izango dituena neurri polit batean.

Mendietako elezahar handi guztietan bezalaxe, hemen ere badugu ametsetako adarbakar zuria. Kasu honetan, taulekin Pic de Midi de Bigorreko tontorrera (2.877 metro) heltzea da erronka, Pirinioetako skimoaren ikonoa, eguraldiaren baimenarekin, igo eta jaisteko asmoa duguna.

Datorren otsailaren 25eko egunsentian irteerako oilategian izango diren oilar nagusien artean Pirinio iparraldeko lasterkariak nabarmendu behar dira: Loic Thevin eta Frank Asserquetek osatutako bikotea (azken hori, agian, Wilfred Jumerek ordeztuko du), Christophe Carrere eta Antoine Troussel edo Jean eta Antoine Rodriguez anaiek osatzen dutena.

Hegoaldeko Pirinioetako beste oilar batzuk ere bertan izango dira, esate baterako, Nacho Garcia Cabal eta Angel Prado militarrak, edo Oscar Cames eta Juan Ferrer. Jakina! Eta euskaldunak, hemen ia etxekoen moduan ateratzen direnak. Horien artean aipagarri dira Lander Alvarez eta Aitor Otxoa Biain; Aritz Egea eta Iñaki Uribe-Etxabarria; edo Igor Alzelai eta Iñigo Lariz.

Sekulako plazera da, era berean, tropelean mendiarekin maiteminduta dauden Javi Dominguez eta Arkaitz Irureta beteranoak bertan izatea; edo Carlos Soria zortzimilakoen igotzaile ospetsua, 78 urterekin Guadarraman pasa dituenak aste hauek entrenatzen Carlos Muñoz-Repisorekin (75 urte) B ibilbidean parte hartzeko.

Nesken artean, bi bikote nabarmentzen dira. Alde batetik, Ares Izard eta Lula Martinez, Espainiako eta Kataluniako taldekako txapeldun modura iristen direnak. Beste alde batetik, Maria Salazar eta Agathe Beuscar izango dira parean, podiumaren gailenera iristeko arerio nabarmen modura. Hemen Uxue Fraile botako dugu faltan, 2015eko txapelduna, eskiatzen lesionatu ostean osatzen ari dena oraindik.

Altitoy beti ezberdin izaten saiatu da: Lasterketa bat baino askoz gehiago. Horren erakusle da dortsalaren aurretik eta ondoren ikusten den bizikidetza, Menditour ekimena nabarmenduz, besteak beste. Horrela, iaz bezalaxe, larunbat arratsaldean mendiko zinema jaialdia izango da Maison de la Valleé delakoan, arratasldeko lauretatik (16:00) aurrera. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte. Film hauek ikusi ahal izango dira: The Highway, Face to Face eta Crossing home: A skier’s journey.

Herrikoia babestuz: Ternua Altitoy 2016 jakatik Ternua Adrenalite 20L motxilara arte. Altitoy lasterketaren nortasun-ikurretako bat lasterkari herrikoi bakoitzak antolaketaren xehetasun bakoitzean eta babesle nagusiaren aldetik jasotzen duen tratu maitekorra da. Aparteko kasua da mendietako kiroletan, izan ere, lasterkari herrikoi bakoitzak izena ematean opari modura jasotzen duen jantziak balio gehiago izaten du dendan dortsalak berak baino. Luxua.

2017. urtean, zehazki, markak aurreko urteetako herentzia jaso eta Ternua Adrenalite 20 motxila sortu du, parte-hartzaileentzat esklusiboa. Azpimarragarria da iazko edizioan markak jaka hibrido tekniko eta funtzio anitzekoaren prototipo bat sortu zuela, gerora probako 650 parte-hartzaileek frogatu zutena. Modu horretan, feedback horri esker, Ternuak jaka hobetu, berriro diseinatu eta udazken-negua 17 bilduma orokorrean sartu zen produktu bat fabrikatu zuen.

Autorea: Mayayo

comodin comodin

Copyright © 2023 TERNUA. Eskubide guztiak erreserbatuta.