Gipuzkoa barrualdeko muino baten gailurrean jaioa naizenez ez da harritzekoa mendizalea izatea. Alde batera begiratu eta... Aizkorri! Bestera, Aralar! Hura gozatua! Urtaroek sortutako koloreak, izugarriak! Baina niri, txiki-txikitatik negu beltzeko zuritasunak pizten zidan joateko gogoa, grina esango nuke. Hasieran oinez. Ohol estu batzuen gainean belaunetaraino sartuta gero. Gabiriako lagunak makina bat arrautza frijitu jandakoak gara Urbiako Fondaren babesean. Iraupen eski basatia; belar eta harri artean askotan. Etxetik gertu, ordea... paradisua!

Azken urteotan, ordea, mendiko eskiak hartu du indarra. Sekula ez da probatzeko berandu, gure barruko ume hura oraindik ere elur gose izanez gero. Beti joateko eta, iaz Altitoy-Ternua ikusteko gonbitea jaso nuen. B ibilbidea itxiz, poliki-poliki, mendiaz, elurraz baina, batez ere, giroaz gozatzeko aukera izan nuen.

-"Datorren urtean atera behar diat ba!!" esan nion neure buruari. Esan eta egin! Martxoko lehenengo asteburuan han ibili gara arrastoan, mendian gora eta behera, puzka eta izerditan askotan. Baina gozatu ederra hartu dugu, hartu dugunez! Ikusgarriak dira hango mendiak, bai. Ai! Aizkorri eta Aralarrek beste mila metro balituzte! Baina giroa... giroa da benetan betetzen nauena. Jendea, alegia. Ikusleak, parte hartzaileak eta, batez ere, guk goza dezagun musutruk eta irribartsu lan egiten duten zientoka lagunak! Babesleak ahaztu gabe, jakina, Ternua etxe hau nagusia. Horrelako lasterketa bat prestatzeko zenbat lan egin behar den antolatzaileek bakarrik dakite. Loari orduak lapurtuta, elurraren zurian lana beltz eginez. Oraindik ere geratzen dira benetako mendizaleak, hasierakoen artean lehia izan, bada, jakina! Baina ni atzekoen gozatuarekin gelditu naiz harrituta. Eta, oro har, asteburu osoan Luz Saint Sauverren (Okzitania) sortu den giroarekin. Han goitik, egunsentiko ilbetearen altzotik begira zeudenak harro egongo dira sortu zutenaz. Ondo bagara, bi urte barru ere Altitoy-Ternuan ikusiko dugu elkar! Eskerrik asko!