Bienvenido a Ternua

Harpidetu zaitez eta hartu parte lehiaketetan, promozioetan...

News

Eventos
Wopeak 2017: elkarrizketa Alberto Iñurrategiri eta Juan Vallejori

Ekainaren 6an abiatuko dira Himalaya aldera Alberto Iñurrategi eta Juan Vallejo; Mikel Zabalzarekin batera, Gasherbrumeko gailurrak, G-I eta G-II, lotzen saiatuko dira batzen dituen mendi-lepotik, bata bestearen atzetik eta kanpaleku nagusira jaitsi gabe, ohi bezala estilo alpinoa erabiliz eta ohiko ibilbide alpinoak erabili gabe. Erronka hori WOPeak ekimenari bukaera emateko azken urratsa da.

Ekimena gaixotasun neurodegeneratiboen kontrako borroka eta patologia horiek zabaltzea helburu dituen Walk on Project Fundazioak sustatzen du. Erronka Gorbeian hasi zen, 2010ean, zortzi etapatan lehenarekin, eta ziur aski Gasherbrumen osatuko da aste batzuk barru.

Bidaia honetan, Ternuak Iñurrategi eta Vallejo hornituko ditu iaz haientzat egindako jantziekin eta bi piezako buzo batekin: mendi-goietarako buzoa, teknologia goreneko ehunekin egina, luma birziklatuz eta hidrofugoz betea eta eskuz landua. Aurten, gainera, What’s Next, Ternuaren berrikuntza-proiektuaren barruan egindako produktu bat eramango dute. Zehazki, lo-zaku alpino bat, alpinisten beharren neurrira diseinatua, haiekin batera garatu dugunez I+G sailean. Bi behar hartu ziren kontuan hura diseinatzean: transpiragarritasuna (zakuaren barruan sortutako kondentsazioak lumaren gaitasun termikoa galaraztea saihesteko) eta pisua (gehienez 1 kg izan zezakeen).

Erronka horretan abiatu aurretik, haiekin hitz egin genuen WoPeak 2017ren aurreikuspenez eta helburuez.

Iazko eragozpenen ondoren, nola egingo diozue aurre erronka berri honi?

Alberto Iñurrategi: Berria den zerbaiti, ezezagunari aurre egiteko ilusioarekin, eta aldi berean, iaz, oso zentzuzko distantzia batetik neurtu izanaren abantailarekin.

Juan Vallejo: Bada, are eta ilusio handiagoarekin. Iaz meteorologiak ez zigun aukerarik eman eta nahiko atsekabeturik itzuli ginen, saiatzerik ere ez baikenuen izan; beraz, aurten, indarberrituta gatoz, berriz saiatzeko gogo handiarekin.

Zer esan nahi du zuentzat WoPeak proiektua amaitzeak?

A.I: Normalean, edonork proiektu bat ixten duenean, beste bat irekitzen du. Wopeak proiektua amaitzeak gaixotasun neurodegeneratiboen kontra borroka egiteko duela urte batzuk abian jarritako ideia polit bat ixtea esan nahiko luke, baina gaixotasun arraroek hor jarraituko dute, eta lanean jarraitu beharko da horien inguruan iker dadin; bestalde, mendiak ere hor jarraituko du.

J.V: Ongi dago epe luzerako proiektuak izatea, baina baita horiek amaitzea eta berriak hastea ere. Zentzu horretan, Wopeak lau urtez murgilduta egon garen proiektu bat izan da, eta ilusio handia egiten digu azken espedizio honekin amaiera emateak, amaitzeaz gain, ezin sinetsizko moduan amaituko baikenuke.

Nola sortu zen Gasherbrumen bi gailurrak mendi-lepotik lotzeko ideia?

A.I: Iaz mendi horietara hurbildu ginen hainbat ideiarekin eta plan ireki batekin, aurki genitzakeen baldintzen arabera erabakitzeko. Eguraldiak aukera guztiak zapuztu zituen, baina mendia gertutik neurtzeko aukera izan genuen. Aurten ideia berdinekin itzuliko gara, baina gure fokua ibilbidera zuzenduta. Oso helburu interesgarria iruditu zitzaigun eta ziurgabetasun-maila handikoa. Horrek zirraragarri bihurtzen du, eta hori da beti bilatzen duguna.

J.V: Ni neu beti txunditu izan nau Messnerren eta Kamerlanderren igoerak, eta ahalegina egiteko gogo handia nuen, baina egiteko zaila iruditzen zitzaidan. Orain, uste dut, esperientziagatik eta gaitasunagatik, saiatzeko moduko unean gaudela; eta hemen gaude, errespetu handiz, bai baitakigu ez dela batere erraza izango, baina saiatzeko gogo biziz. 

Zein uste duzue izan daitezkeela topatuko dituzuen zailtasun handienak?

A.I: Bi mendiak lotzeak egun batzuez 6.500 metrotik gora lan egitera behartzen du. Oxigeno-gabeziara ongi egokitu beharko gara, baita aparteko aklimatazioa, zortea eta eguraldiarekin asmatzea ere, ez baita oso ohikoa izaten lau egun baino gehiagoko baldintza perfektuko aldiak izatea.

J.V: Batez ere goietan hain epe luzean egoteko beharrezkoa den ahalegina neurtzeko gai izatea. Egun asko izango dira 6.500 eta 8.000 arteko metroko garaieran, eta zaila izango da egun horietan guztietan gorputzak ongi funtzionatzea. Horretarako, aklimatazio ezin hobea lortu ahal izatea funtsezkoa izango da, berme handia emango baitigu.

Proiektu honetan, eskuz egin dugu zakua, bereziki espedizio honetarako, pisua murrizteko eta transpiragarritasuna bermatzeko helburuarekin. Beste erronka bat guretzako.

A.I: Urte askotako esperientziak eta Ternuarekin etengabe elkarlanean aritzeak igoera horietan aurkitu ohi ditugun beharretara eta eskakizunetara egokitzen den zaku bat egiteko aukera eman digu. Lo egiteko zakua arina izan behar da. Kondentsazio handi eta izotz zuri askoko egoeratan erabiliko dugu. Hezetzen bada, lumak isolatzeko gaitasuna galdu, eta pisu handiagoa hartzen du. Horregatik, 20/20 zutabe bateko kanpoko ehuna erabili dugu (Pertex Endurance) eta barruko ehun oso arina (Pertex Quantum), luma hidrofugo birziklatu batekin batera. Hala, 1 kg pasatxoko zakua lortu dugu, muturreko baldintzatan isolamendua bermatzen diguna, pisuari kalte egin gabe.

J.V: Ezaugarri horietako ibilaldi batean pisua funtsezkoa da: motxila gero eta gehiago txikitzeko gai izan, orduan eta aukera gehiago izango dugu arrakasta izateko. Ekipo oso neurtua eta arina eramaten dugu, teknologia berrienekoa, esaterako, zakuko zein buzoko luma hidrofugoa. Jantziak denda barruko hezetasun-baldintzetan zorrotik behin eta berriz atera eta sartu ondoren ere beren ezaugarriei bere horretan eusten diete, eta ez dute pisurik hartzen. Oso-oso garrantzitsua da halako ibilaldi batean, igoera guztian zehar materiala gainean eraman behar baita.

Zein jantzi erabiliko duzue?

A.I: Trekkingeko praka motzak eta luzeak eramango ditut, kamiseta oso transpiragarriak eta haize-babesa, hurbiltzean, eta elastiko termikoa eta Primaloft jaka geldialdietarako.KANJUT kamiseta ere eramango dut oinarrizko geruza gisa, STORM PRO jaka, lumazko jaka eta ASCENT jaka.

J.V: Islamabadeko 40 graduetatik gailurreko ‑30 graduetara igaroko garela kontuan hartuta, jantzi sorta nahiko zabala eraman beharko dugu. Bero oso handiak jasateko jantzietatik hasi, eta gailurrera iristeko lumazko buzoetara.

 

 

  1. /1642861-5480-1-CHAQUETA-STORM-PRO-A.jpg
    STORM PRO JAKA

    Motxilak

    0,00 €
  2. /1205353-9937-1-CAMISETA-KANJUT-TOP-A.jpg
    KANJUT TOP KAMISETA

    Protech Series

    0,00 €
  3. /1642287-5448-1-CHAQUETA-ASCENT-GTX-PRO-JKT-C.jpg
    ASCENT GTX PRO JKT JAKA

    Protech Series

    459,95 €
Volver a news
© 2019 TERNUA. Todos los derechos reservados.