Bienvenido a Ternua

Harpidetu zaitez eta hartu parte lehiaketetan, promozioetan...

News

Friends
Iker Madoz: «Altueran ongi ikusi dut neure burua, ez dut arazorik izan; horrenbestez, badut estilo honetako beste mendi baten azpian jartzeko gogoa»

Gure adiskide Iker Madozek, Marc Toralles eta Roger Caracachekin batera, lehen aldiz errepikatu du «Tambo, Churros y Amigos» bidea Jirishanka mendian (Huayhuash mendikatea, Peru). Bide horrek 1.000 m-ko desnibela du (7a A2 M4 95°) eta apenas dago ekipatuta.

«Iragan abuztuaren 17an Huarazen elkartu ginen hirurok, guztiz aklimatatuta, eta bidea egitera abiatu ginen. Abuztuaren 19ko eguerdian lehen luzeari ekin genion. Harrituta geratu ginen pitzaduretan zegoen lur kantitatearekin. Hori dela eta, espero genuena baino mantsoago egin genuen aurrera, eta hiru egun behar izan genituen lehen hiru luzeak osatzeko. Luze horiek ez ziren zailak, baina denbora asko behar izan genuen garbiketa-lanak egiteko. Hiru luze horiek finkatutakoan, oinarrizko kanpalekura itzuli ginen, janari gehiago hartzeko eta egun batez atseden hartzeko, berriz ere paretari ekin baino lehen.

Horrela, 22an, egun argitu aurretik, lehen hiru luzeak igaro eta, lehen orduan, eskalatzen hasi ginen. Egun horretan bertan, R9-ra iritsi ginen, 5.350 m inguruan dagoen bibak-erlaitz batera, bidearen luze ederrenetako bat eskalatu eta gero (7a zailtasunekoa eta 60 m bertikal jarraitukoa).

23an, hurrengo bibakera arteko (R16, 5.650 m) tartea eskalatu genuen; horretarako, 7a A2 zailtasunera arteko zatiak gainditu behar izan genituen, bai eta elur eta izotzez estalitako zatiak ere.

Abuztuaren 24an, 6c bertikal dituzten goiko hiru luzeak gainditu genituen; luze horiek arroka perfektua dute eta 5.700 m-tik gora daude. Zailtasun handirik gabe lehen izotz-sabaia gainditu genuen.

Lehen izotz-sabaiaren gainean, 5.850 m inguruan, hirugarren bibaka egin genuen, elurrezko erlaitz batean. Arratsaldean, 120 m soka finkatu genituen, hurrengo egunean pisurik gabe ekiteko Jirishankako gailurrera heltzeko saiakerari. Soka finkoa eskalada artifizialaren bidez gainditu genuen bigarren izotz-sabaitik gora jarri genuen, 5.950 m inguruan.

Sei egunez eguraldi zoragarria izan ondoren, 25eko goizaldean, hodeiz inguraturik esnatu ginen, haize bortitzekin. Satelite bidezko telefonoari esker, Huarazko Casa Zarelarekin jarri ginen harremanetan eguraldiaren iragarpena jakiteko, ea egun bat itxaroteak merezi zuen jakiteko. Haizeak oso gogor joko zuela jakin eta gero, soka finkoa kentzea eta beheranzko bidea egitea erabaki genuen. Gailurra zanpatu gabe geratu ginen, baina pozik geunden bidea eskalatu genuelako.

20 rappel egin eta gero, mendiaren oinarrira iritsi ginen, eta, ia gauez, oinarrizko kanpalekura. Biharamunean, oinarrizko kanpalekuaren babesetik, goialdean jotzen zuen haizetea ikusirik, poztu ginen aurreko goizean hartutako erabakiaz. Beste saiakera bat egiteko denborarik ez zegoela erabaki genuen, eta erabaki genuen hobe zela Huarazera itzuli eta, bertan, Tambo tabernan garagardo batzuk hartzea.

 Hirurok oso pozik gaude horrelako bide ikusgarri bat lehen aldiz errepikatzeaz. Ez soilik paretagatik eta inguruagatik; bidea irekitzeko erabilitako estiloak ere biziki betetzen gaitu, ez baita azkenaldian horrelakorik gehiegi ikusten. Ez dugu hedapen-gailurik jarri bide osoan. Bi elkargune soilik; bata, japoniarrena eta, bestea, italiarren bide aldrebesarena. Eta soilik 12 pitoi finko; guztiak, jaistean, abandonatutako elkarguneetan, eta ez genuen segurtagailu finkorik erabili bide osoko luzeetan. Egiazki, zinez zoriondu nahi ditugu bidea ireki zuten eskalatzaileak, Didier Jourdain eta Aymeric Clouet; bai estiloagatik, bai izandako etikagatik», diosku Ikerrek.

- Zer-nolako errendimendua izan dute jantziek?

Egoerak eskatzen zuen mailan egon dira. Hemen tenperaturak eta meteorologia-baldintzak ez dira gogorregiak; beraz, ez dira jantziak gehiegi behartzen. Hori bai, arratsaldez itzaletan eskalatu behar genuenez eta hotz egiten zuenez, asko erabili nuen primaloft jaka. Oso eroso eskalatu nuen hura jantzita, baina, azkenean, apur bat kolpatu zen arrokaren urragarritasunaren ondorioz.

Malaspina jaka zoragarria da; berotu egiten du eta, era berean, elastikoa da. Txanoarekin hainbat egoeratara moldatzeko aukera ematen du.

Zakua ere oso baliagarria izan zen aire zabalean igaro beharreko gauetan. Era berean, oso ondo erantzun zuen denda barruan lo egin beharreko gauetan. Kondentsazioaren ondorioz, zakuak bustita amaitzen zuen, baina ez zen hezetzen kanpoko ehunari eta luma hidrofugoari esker.

- Zerk asebete zaitu gehien?

Eskalatutako bideak. Hiruak ongi aklimatatuta joan ginen eta altuerak ez zigun arazorik sortu; hori dela eta, bidea gozatu ahal izan genuen.

Horrez gain, taldean genuen giro ona eta elkarrekin hain ondo moldatu izana; oso ongi pasa dugu.

- Zein izan da unerik onena?

Ezin dut une jakin bat nabarmendu. Elkarrekin igarotako bi asteak oso dibertigarriak izan dira, bai prestatze-lanak, bai jarduera bera, bai Tambon egin genuen ospakizuna ere.

- Zer zailtasunekin egin duzu topo?

Zailena zakua elkargune bakoitzeraino igotzea izan da. Pisu handia zuen, janariz, arropaz, lo egiteko eta elurretako materialez beteta baitzegoen; egia esan, sufrikarioa zen hura igotzea. Une horietan nabaritzen zen altuera, eta bihotza asko azkartzen zen.

Eskalada nahiko jasangarria izan zen. Behealdean lurra zegoen pitzaduretan, eta artifizialean eskalatu behar izan genuen gehienbat. 4. luzearen ondoren, librean eskalatu ahal izan genuen, eta dibertigarriagoa eta azkarragoa izan zen; nabarmentzeko moduko zailtasunik ez genuen izan, normaltzat jotzen dugun ahalegina egin behar izan genuen.

 - Zein izango da zure hurrengo bidaia?

Abuztuan eskalatzen jarraitzeko asmoa dut, baina etxetik hurbilago. Dirurik geratzen bada eta meteorologia ona bada, Alpeetara joateko aukeraren bat egon daiteke. Aklimatazio ona aprobetxatu beharra dago altuerako bideak eskalatzeko! Baina hori ez da segurua, ikusiko dugu, plan ona izan daiteke. 

Hurrengo bidaia potentea urrian izango da; Espainiako Alpinismo Taldearekin Nepalera joatekoa naiz. Ikasturte amaierako bidaia da, 5 astekoa, eta Rolwaling haranean zerbait eskalatzea da asmoa. Ea zorterik dugun.

- Zer sentipen utzi dizu bidaia honek?

Oso ona, itzultzeko gogoarekin. Altueran ongi ikusi dut neure burua, ez dut arazorik izan; horrenbestez, badut estilo honetako beste mendi baten azpian jartzeko gogoa.

Gertatu ohi den bezala, leku batera joaten zarenean etorkizunerako erronkak aurkitzen dituzu, eta hemen badira zenbait eta, gainera, kalitatezkoak. Beraz, itzuli egin beharko dugu.

Gailurrera iritsi bagina, pentsatzen dut are kontentuago egongo ginatekeela. Nolanahi ere, inork errepikatu ez zuen bidea amaitzea lortu genuen, ahalegin ederra eginda. Horrek, berez, asebetetzen zaitu.

 

  1. /1205353-9937-1-CAMISETA-KANJUT-TOP-A.jpg
    KANJUT TOP KAMISETA

    Protech Series

    0,00 €
  2. /1341207-2183-1-MALLA-BASE-CAMP-B.jpg
    BASE CAMP GALTZA-ELASTIKOA

    Protech Series

    96,95 €
  3. /1642287-5444-1-CHAQUETA-ASCENT-GTX-PRO-JKT-B.jpg
    ASCENT GTX PRO JKT JAKA

    Protech Series

    0,00 €
Volver a news
© 2019 TERNUA. Todos los derechos reservados.