Bienvenido a Ternua

Harpidetu zaitez eta hartu parte lehiaketetan, promozioetan...

News

Friends
Lizeaga eta Ega Limoneko (Italia) podiumetik gertu

2015eko mendiko lasterketen Munduko Kopa amaitzeko albiste ezin hobea izango zen, podiuma ikutu balute. Iragandako asteburuan ospatu zen, urteko azken proba. Egutegiari agur esango zion proba. Bertan erabakiko ziren aurtengo irabazleak, bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoetan ere. Amaieran, Tadei Pivk italiarra eta Laura Orgué kataluniarrak poltsikoratu zituzten sariak. Baina, asteburuko izarren artean bi euskaldun azpimarratzeko moduan, gure bi Ternua lagunak: Jokin Lizeaga eta Aritz Egea.

Urriak 17, larunbata. Limone Sul Garda-ko (Lombardia, Italia) herri txikian zain ziren urteroko Munduko Kopako zitarako. Korrikalarien artean, tentsio handia nabari zen irteera puntuan. Lasterketak, izar asko elkartu zituen beste behin. Tadei Pivk, Laura Orgue, Manuel Merillas, Maite Maiora, Remi Bonnet, Oihana Kortazar, Marco Di Gasperi, Aitziber Ibarbia, Ionut Zinca, eta Euskal Selekzioko lasterkari gehienak ere tartean ziren. Hauen artean, bi izen nagusi ziren: Lizeaga eta Egea. Lehenengoak, urte eta erdi gero, Munduko Kopako lasterketa batean parte hartuko zuen berriro ere. Bigarrenak berriz, aurtengo urte borobilari agur esango zion. Lasterketak ez zuen ustekabeko handirik izan. Denboraldi amaierako sentsazio berria izaten ari den Remi Bonnet suitzar gazteak (2:45,25), ez zien beste behin inongo aukerarik eman aurkariei. Asteburu bikaina suitzar gaztearena, kontuan izanda ostiralean kilometro bertikalean ere garaipena lortu zuela. Bere atzetik, lehia bizian ibili ziren Pivk (2:51,08) eta Merillas (2:52,52). Azkenean Pivk italiarrak, Munduko Kopa irabazteko behar zituen puntuak bildu zituen, bigarren postuarekin. Hainbeste oilarren artean, gure bi korrikalariak ere beraien onena eman zuten.Jokin Lizeagak (2:53,55), agerian utzi zuen Gorbeia-Suzien lasterketan lortutako 3. postua ez zela kasualitate hutsa izan. Oraingo honetan laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen arren, garaipen handienaren pare bezala sentitu zuen: “Astebukaera ezin hobea izan da. Ikusirik nolako maila zegoen lasterketan, izugarrizko lasterketa izan da Limonekoa. Igoeratan oso indartsu ikusi dut neure burua, eta uste dut, inoiz Munduko Kopan egin dudan lasterketarik onena izan dela. Oso gustora noa emaitzarekin, bai nirearekin eta baita Euskal Selekziokoarekin ere”. Denboraldi amaiera bikaina darama, eta badirudi azken hitza ez duela esan. Urriaren 30ean, ultra distantzian debuta egingo du, Andorran ospatuko den ELS 2900 Alpine Run (70 km. eta 6700 metroko desnibel positiboa) lasterketan. Egeak bere aldetik (2:55,47), 5. postu bikain batekin eman zion amaiera kopari. Aurtengoan ere, munduko onenekin lehian ibiltzeko gaitasuna duela erakutsi du, sailkapen nagusian lortutako laugarren postu bikainarekin. Duda izpirik gabe, onenen artean dago urretxuarra. “Oso lasterketa gogorra izan da, agian urteko gogorrena. Igoeratan oso gustora ibili naiz, baina beheraka, muskularki asko sufritu dut. Bukaeran hustuta iritsi naiz. Denboraldi amaiera ona izan dut, eta gainera Jokinekin lehian, oraindik hobea. Ea hurrena irabazten diodan (kar, kar)”. Esan bezala, hau izan da Munduko Kopako urteko azkena. Datorrenean, gehiago eta hobeto!!
Volver a news
Copyright © 2023 TERNUA. Eskubide guztiak erreserbatuta.