Bienvenido a Ternua

Harpidetu zaitez eta hartu parte lehiaketetan, promozioetan...

News

Eventos
Imanol Aleson, Jaione Sasieta, Iokin Garai, Silvia Trigueros, Iker Zurutuza e Itziar Andueza, Ehunmilak 2015eko trilogiaren garaileak

Ehunmilak ultratrailaren seigarren edizioak ikuskizun bikaina eskaini zuen. Osagaiek jai borobila sortarazi zuten: 3 proba, 900 parte hartzaile, 1400 bolondres baino gehiago, Euskal Herriko ultratrail txapelketa, eguraldi ona eta lokatz gutxi.

EHUNMILAK-en Imanol Aleson eta Jaione Sasieta txapeldun

Lehia polita izan zuen aurtengo proba nagusiak. Probaren lehen postuetan borroka ikusgarria egoteaz gain, kilometroak aurrera joan ziren heinean lasterketa buruan korrikalari ezberdinak txandakatu ziren: bai gizonezkoetan (Juan Romano, Juan Carlos Sagastume, Jerome Rodrigues, Imanol Aleson…) eta baita emakumezkoetan ere (Agurtzane Argiarro, Jaione Sasieta). Gizonezkoetan Juan Carlos Sagastume guatemalarra 80km baino gehiago lasterketa buruan egon ondoren pixka bat atzeratzen hasi zen Txindokitik Etxegaraterako bidean, helmugan lehen 3 postuetan sartuko zirenek hartu zuten lasterketaren ardura.

Imanol Aleson eta Jerome Rodriguesen arteko lehia polita izan zen benetan: Etxegaraten Imanol lehenengo, San Adrianen Jerome aurre hartuta… Helmuga puntuan hirugarren garaipena Ehunmilak proban Imanol Aleson azkoitiarrarentzat 24 ordu 11 minutu eta 29 segunduko denborarekin, bigarren Jerome Rodriguesportugaldarra 24 ordu 28 minutu eta 31 segundurekin eta hirugarren Joan Marc Falcó malagarra 25 ordu, minutu 1 eta 13 segundurekin.

Emakumezkoetan lasterketa buruan jarri zen Jaione Sasieta 20. kilometrotik aurrera eta pixkanaka pixkanaka aldea handitzen joan zen helmugara iritsi arte. Txapela Jaione Sasieta ezkio-itsasoarrarentzat 32 ordu 27 minutu eta 54 segundurekin. Seigarren parte hartzea beretzat, bosgarren podiuma eta lehen garaipena! Bigarren postuan Agurtzane Argiarro bermeoarra 34 ordu 35 minutu eta 37 segunduko denborarekin eta Arrate Bastida portugaletetarra 35 ordu 30 minutu eta 45 segundurekin.

Taldekako sailkapenean, lehen postua EDV Viana Trail Sistemas talde portugaldarrak eraman zuen 27 ordu 49 minutu eta 16 segundurekin. Bigarren postua Cerredo 643 talde kantabriarrarentzat izan zen 28 ordu 57 minutu eta 7 segunduko denbora eginaz, eta hirugarren postua Gandoja talde bizkaitarrak eskuratu zuen 29 ordu 3 minutu eta 10 segunduko denborarekin.

Iokin Garai eta Silvia Trigueros-entzat garaipena eta errekorrak G2H-an

Goierriko 2 Haundiak proba Euskal Herriko ultratrail txapelketa izanik eta 500 korrikalariren kupoa beteta ikusgarritasuna ziurtaturik zegoen. Hasiera eman bezain laster boskote bat lasterketaren buruan jarri zen erritmo oso azkarrarekin. Txindokitik aurrera boskotea sakabanatzen hasi zen eta Etxegarateko anoa gunean lasterketa buruan Iokin Garai, Ion Azpiroz eta Pedro Etxeberria sartu ziren elkarren artean segundu apur batzuetako tartearekin. Hemendik Oazurtzara bidean Iokin Garairen erritmo gogorraren ondorioz lehen postuetako lehia erabakita geratu zen. Helmugan, lehen postuan Iokin Garai oñatiarra sartu zen 10 ordu 13 minutu eta 50 segundurekin, garaipena eta errekor berria, bigarren Ion Azpiroz berastegiarra 10 ordu 18 minutu eta 19 segunduko denboraz eta hirugarren Pedro Etxeberria zumaiarra 10 ordu 35 minutu eta 4 segundurekin.

Emakumezkoetan ere lehia estua ikusi ahal izan zen, hasieratik Silvia Trigueros abadiñarra garaipenaren bila atera zen baina Aitziber Osinaldek eta Elena Calvillok ez zizkioten gauzak erraz jarri, atzetik asko estutu baitzuten. Aizkorriko gainean Aitziber Osinalde iritsi zen lehen postuan, baina handik behera Silvia Triguerosek erritmoa igo zuen eta Beasainen agertzen bera izan zen lehena. Helmugan garaipena eta errekor berria Silvia Trigueros abadiñarrak 12 ordu 15 minutu eta 34 segundurekin lortu zuen, bere atzetik bigarren Aitziber Osinalde legazpiarra 12 ordu 19 minutu eta 54 segunduko denborarekin eta hirugarren postuan Elena Calvillo beasaindarra 12 ordu 34 minutu eta 24 segundurekin.

MARIMURUMENDI maratoian Iker Zurutuza eta Itziar Andueza azkarrenak

Aurten estrenatu den Marimurumendi maratoia arrakastatsua izan da, 133 korrikalarik hartu dute parte. Gizonezkoen artean Iker Zurutuza izan da probaren jaun eta jabe, Agortan (km4) dagoeneko bi minutuko aldea ateratzen zien gainontzeko korrikalariei eta hemendik aurrera abantaila handitzen jarraitu du helmugara iritsi arte. Jon Garciandiak bigarren postuan mantendu da lasterketa osoan zehar. Hirugarren posturako izerdia majo bota behar izan dute Urko Valdivielso eta Jon Oterminek, azken honen alde erabaki baita lehia Beasaingo kaleetan sartu bezain pronto. Ondorioz, lehen postuan Iker Zurutuza idiazabaldarra 3 ordu 41 minutu eta 36 segundurekin, bigarren Jon Garciandia ezkio-itsasoarra 3 ordu 59 minutu eta 44 segunduko denborarekin eta hirugarren postua Jon Otermin urretxuarrarentzat 4 ordu, minutu 1 eta 47 segundurekin.

Emakumezkoetan azken kilometrora arte ez da erabaki nor izango zen garailea. Lasterketaren aurrean Eva Fernandez eta Ainhoa Lendinez ibili dira nor baino nor gehiago, eta hauen atzetik hirugarren postuan Amaia Insausti. Agortako azken kontrolgunetik behera lehenengo 4 korrikalarien arteko tarteak murriztu egin dira eta azken kilometroan elkarrekin sartu dira. Azkenik helmugan, atzetik aurrerako lasterketa kontrolatua eginaz garaipena Itziar Andueza beasaindarrarentzat 4 ordu 37 minutu eta 23 segundurekin, bigarren postuan Ainhoa Lendinez elgoibartarra 4 ordu 37 minutu eta 50 segunduko denborarekin eta hirugarren Amaia Insausti olaberriarra 4 ordu 38 minutu eta 14 segunduko markarekin.

Volver a news
Copyright © 2023 TERNUA. Eskubide guztiak erreserbatuta.