News & press
Mendiko lasterketen egutegiari hasiera eman berri diogu 2017an. Asteburuan, Luz Sain-Sauverren (Okzitania) Altitoy Ternua saria ospatzen zela probestuz, Aritz Egearekin hitz batzuk egiteko aukera izan dugu. 2016ko denboraldiaz eta aurtengo asmoez berri eman nahi izan digu Ternua lagunak. Iban Letamendirekin bikote eginez, 14,. Postuan amaitzea lortu zuten Altitoyn.
Lehenik eta hasteko. Nola joan da Altitoyko asteburua?
Oso ondo, espero baino hobeto. Larunbatean, lasai antzera hartu genuen eta asko gozatu genuen. Atzo berriz, egurrean ibili ginen eta gutxigatik ez genuen lortu lehen euskaldunak izatea. Eskia gure kirola ez dela kontuan izanda, gustora egoteko moduko emaitza lortu dugu, eta gainera bai lasterketan eta baita lasterketaz kanpo gogoan izateko bizipenak izan ditugu. Hori da garrantzitsuena.
Zenbat entrenatuta etorri zara?
Eskian gutxi, oso gutxi. Bost egun besterik ez dut eskiatu. Semeak bi hilabete bete berri ditu eta elurretara eguraldi oso onarekin bakarrik joan gara. Elurra gertuago bagenu!
Azken orduan, Iñaki Uribe-Etxeberriaren ordez, Iban Letamendi lagunarekin egin duzu bikote. Nola moldatu zarete?
Iñakik, bronquitis baten ondorioz eta pena handiarekin, etxean geratu behar izan du. Zorionez Iban Letamendi prest egon da nirekin bikotea osatzeko. Bere eski maila nirea baina askoz hobea denez, kontzeptua erabat aldatzen da. Aurten, batere eskiatu gabe zegoen, eta larunbatean lasaiago hartu zuen. Igandean, berriro ere, bere lehiarako sena atera eta egurrean ibili zen.
Nola daramatzazu korrikako entrenaldiak?
Ba egia esan, oso gustora. Altitoyak, agujeta batzuk utziko dizkit, baina ondo. Pasa den urtean gauza bategatik edo besteagatik ez nuen motibazioa topatu, aurten berriz gogo betez nago eta hori entrenamenduetan ere nabari dut. Jokinek jarritako entrenamenduak burubelarri jarraitzen ari naiz, eta uste dut lasterketetan ere nabarituko dela, edo hori espero dut gutxienez.
Zein izango da lehen proba?
Hurrengo larunbatean iada konpetitzen hasiko naiz, Laudion (Araba). Makinaria martxan jartzeko garaia iritsi da. Apirilak 1ean, La Palman (Espainian), Reventon el Paso delako 46 kilometroko lasterketa bat dut, eta zerbait egin beharko da bertan itxuraz ibiltzeko.
Lehengo urteko zapore gazia ateratzeko asmoz 2017an?
Egia esan atzera begiratuz, ez dut uste hain denboraldi txarra egin nuenik. Lasterketa batzuk irabazteaz gain, Euskal Herriko txapeldun izan nintzen hirugarrenez jarraian, eta aspalditik pentsatua nuen Perdidoko errekorra ere jarri nuen. Egia da bai, ordea, ez nuela beste urteetan bezain beste gozatu eta hori izan zen gaziena, motibaziorik gabe ibiltze hori. Eskerrak uda partean buelta eman nion. Aurten espero emaitzak laguntzea, baina batez ere motibatua jarraitu eta gozatzea.
Zegama-Aizkorriko lasterketak hainbeste markatu al zintuen?
Zegamako pasaerak ere ez zidan gehiegi lagundu, baina bertara ere ez nintzen oso motibatua iritsi. Aurtengo lehen helburua horixe izango da, eta nire marka hobetzea oso zaila dela jakitun izanda ere, horren bila joango naiz, batez ere motibazio bat bilatze aldera. Ez badut lortzen, behintzat gozatzea espero dut, eta pasa den urteko miseriarik ez pasatzea.
Zein izango da 2017ko helburu nagusiena?
Munduko Kopa dudarik gabe. Bertako lasterketa asko egiteko asmoa daukat, eta ea ondo ateratzen den. Dena den, ea pasa den urtean baino jende gehiagok lehiatzen duen, nahiago dut atzerago geratu baina onenekin aritzea eta.
Zenbat lasterketa egingo dituzu aurten?
Ziurrenik, pentsatuta ditudanak baina gehiago. Hasiera batean, martxotik urrira hilabetean pare bat izango direla uste dut. Lehiatzea gustoko dut, baina entrenatzea are eta gehiago.
Zorte on!