Elurra iritsi dela eta, Alberto Iñurrategik elurraren arrisku handienetako bati buruz hitz egingo digu: elur-jausiak. Bruce Tremper-en "Avalanchas, nociones imprescindibles" liburuak abiapuntu gisa, elur-jausiko istripuak, segurtasun-neurriak eta giza faktorearen garrantzia aztertzen ditu gure friend-ak.

Heldu da elurra, jantzi da negua zuriz eta Pirinioetako mendiak ere eder eta dotore ageri zaizkigu, soineko estreinatu berriarekin. Zain ginen, kateko txakurraren pare. Urriko elurra, zortzi hilabeteko elurra esaera zaharra gogoan hartuta-edo, urrian egin zuen elurte haren ondoren eskiak zorroztuta eta prest ziren mendiko eskiatzaileak, baina geroztik bakanak izan dira mendian eskiatzeko aukerak.

Baina heldu da, eta geruza lodiak estali du, gainera, Pirinioa. Eta oraingoan bai, elur gosez, egarriz, irrikaz zeuden mendizaleak oldeka abiatu dira eta abiatuko dira mendi aldera elurraren bila. Eta oldeak, oldeak dira hain zuzen, elurraren arrisku handienetako bat: elurroldeak edo elur-jausiak.

Azken asteotan Bruce Tremper espezialistaren liburua irakurtzen aritu naiz (“Avalanchas, nociones imprescindibles”, Verticualidad 2017), eta elurra bezala ezarrita geratu zaizkit haren esan batzuk, ez alferrik elur kontuetan munduan den erreferentzia nagusietako bat baita Tremper. Hala dio: “Elur-jausiak gerta daitezkeen maldak egonkorrak dira kasuen %95ean, eta elur-jausien ondorioz gertatutako istripuen %93tan, elur-jausia biktimak edo taldekide batek sortzen du. Elur-jausien ondorioz bi istripu mota izaten dira: batzuk (hirutik bi) ezjakintasunagatik sortuak dira eta prestakuntza pixka batekin saihesteko modukoak dira. Besteak, arriskua zegoela jakin arren, aurrera egiteagatik sortuak dira…

Zuhurtasuna eta ziurtasuna eskutik doaz mendian. Aitagurea bezain sarri entzundako gomendioak dira: neguko baldintzen eta elur-jausien inguruko prestakuntza egokia jasotzea, Arva edo DVA, pala eta sonda, kutxilak, kaskoa, kranpoiak eta pioleta beti aldean eramatea, segurtasun-tartea zaintzea, norbaitek arriskuko eremu batetik pasa behar badu besteek leku seguru batean itxarotea... Ordea, teoriatik praktikara, aitzakia olde bat izaten da sarri: “Arva zertarako, gaur ez dago elur-jausi arriskurik ordea!”; “pala ez zait sartzen motxilan, fuera, hala arinago joango naiz”; “sondarik ez daukat”; “ez ditut kranpoiak hartuko, elur hautsa izango dugu gaur”… Eta gero, salda bero: elur baldintzak aldatu egin direla isuri batetik bestera, gailurrerako tarte honetan kranpoiak behar direla, autoan utzitako kutxilak gustura hartuko genituzkeela mendi-hegal izoztu hartan…

Gure bizitzaren pelikulan atzera egingo bagenu, denok oroituko ditugu mendian hartutako zenbait erabaki oker. Gehien-gehienetan, ordea, zoria lagun izaten dugu; gehien-gehienetan, gure eskien azpian oharkabean pasa dugun haize-plaka horrek eutsi egiten dio; gehien-gehienetan ez da deus gertatzen. Horixe, gehien-gehienetan… Izaten baitira bestelakoak ere. Huescako Pirinioetan gertatutako elur-jausiei buruzko azterlan baten ondorioak jasotzen ditu Tremperrek bere liburuan, eta azpimarratzen du istripuak izan zituzten mendizale gehienek ez zituztela ezagutzen elur-jausietako erreskate-teknikak, askok eta askok ez zeramatela Arvarik eta gehienek ez zituztela errespetatu arriskuko eremuetatik igarotzeko oinarrizko segurtasun-neurriak.

Gomendagarria eta irakurketa atseginekoa da liburua, eskialdi on baten ondorenerako. Hainbaten iritziz, elur-jausiei buruz dagoen libururik onena. Bereziki deigarria da giza faktoreari eskaintzen dion atala. Tremperren esanetan, askoz arriskutsuagoa da eskiatzailearen burua, terrenoa edo elurra bera baino. “Asko jakin dezakezu elurrari buruz edo argi izan dezakezu terreno seguruena zein den, baina batzuetan buruak okerreko erabakiak hartzen ditu”. Gehiegizko konfiantzagatik, arriskua dagoela jakin arren atzera egiten ez jakiteagatik…

Hortaz, guri dagokigu Tremperrek azpimarratzen duen giza faktore horri arreta jartzea. Gure esku dagoen horretan ez deskuidatzea. Neurriak hartzea eta mendian norberaren neurria zein den garbi izatea. Zentzua eskiak adina zorroztea.